Hasiera » Ekintzak » Idazleekin elkarrizketak » ALBERTO ARANA LADRON

ALBERTO ARANA LADRON

alberto

Iruñean jaio nintzen, 1967an. Hemeretzi urte nituela hasi nintzen euskara ikasten, baina unibertsitatean hasi eta berehala euskaltegia utzi behar izan nuen, denbora faltagatik. Ikastekak amaitu eta lana lortutakoan berriz ekin nion euskarari, idazten hasteko asmo garbiarekin oraingoan. Literatura profesionalaren munduan nola sartu ez nekiela, ipuin leihaketen bide malkartsuari lotu nintzaion. Iruñeko, Bilboko, Atarrabiako, Zumaiako eta beste hainbat ipuin lehiaketetako sariak irabazita, adorea hartu nuen Itzalaren baitan fantasiazko nobela ere aurkezteko. Irun Hiria saria eman zioten. Urte hartan bertan Xake mate nobela laburrak Agustin Zubikarai saria irabazi eta horri esker hasi nintzen modu profesionalean argitartzen.

Harrezkero idazten jarraitu dut, betiere suspentse, misterio eta polizia nobelaren alorretan. Motibazio ederra nuen horretarako. Euskara ikasi eta behar adinako maila lortu nuenean, nobelak irakurtzen hasi nintzen. Izugarri aspertu nintzen. Harriturik, ikusi nuen euskal literaturan ia ez zeudela nik hain gustuko nituen thrillerrak… ezta fantasia, zientzia fikzio, edo polizia nobelarik (nobela arrosarik ere ez, baina horrek ez zidan kezka handirik eragin). Hau harrigarri samarra da, horiexek baitira mundu osoko irakurleek gehien maite dituzten generoak. Zoritxarrez, guk euskaratik kanpo bilatu behar ditugu horrelako liburuak.

Nolanahi ere, sekula ez dut idatzi hutsune hori betetzeko asmoz. Nire ahalmenaz haragoko lana litzateke hori. Gustuko ditudan generoak euskaraz landu besterik ez dut egin… eta zuek, irakurleok, nire lana estimatzen duzuen bitartean, bide horretan jarraituko dut. Orrialdeetan ikusiko dugu elkar!

Garai batean hainbat aurkezpen eta hitzaldi eman banuen ere, sekula ez ditut jendaurrekoak oso gustuko izan: izaera kontua alde batetik, literaturari buruzko neure filosofia bestetik. Nire ustez, liburuak behar du hitz egin, eta idazleak ezer gutxi gehitzen ahal dio kontakizunari… eta, hala bada, kontu txarra. Dena den, ez nago nobelei buruz posta elektronikoz jorratzearen kontra:

 

alberto.ladron@unavarra.es