Hasiera » Ekintzak » Idazleekin elkarrizketak » MIKEL MENDIZABAL AINZUA

MIKEL MENDIZABAL AINZUA

Txiki-txikitatik marrazteko grina nabaria izan dut eta ikastolako lan bezala egindako komiki batekin aurreneko saria irabazi nuen. Ondoren, besteak beste, Iruñeko Udalak euskaraz antolatutako komiki lehiaketa nahikotxotan saritu ninduten. Bitartean, Napartheid fanzinean parte hartu eta Arte Ederretako ikasketak Leioan burutu nituen. Ondoren diseinu grafikoa hartu nuen ogibide, lan pertsonalagoak erabat utzi gabe. Alaba izan ostean, bere lo kuluxken tarteetan “Enara ttipia” album ilustratua jorratu ahal izan nuen.

Ondoren, haur hezkuntzan lan egiten duen lagun batek, berak gurasoen banaketen inguruko lan bat eginen lukeela esan zidan. Geroz eta haur gehiagok pairatzen dutela eta egoera zail hura lantzeko material nahikorik ez dagoela dio. Gidoia idaztea ez zen edonolako lana izan, azken finean baikorra izatea nahi nuen eta. Orain jasaten ari garen krisi orokor honetan, metafora moduan bada ere, guztiontzat garrantzitsua izan daitekeen mezua darama sakonean: datozkigun egoera zailenak ere, opariak izan daitezke jarrera egokiaz jokatzen badugu.